Pintura, ispiluan barrena

Carolina Puigdevall Claver

Testu hau MIRROR RIM (Bilbao, 2020) argitalpenerako idatzi zen eta Ángel Calvo Ulloaren Ororen gainetik, zalantza testuarekin batera argitaratu zen. 

 

Mirror Rim erakusketa, 2018ko abenduaren 17 eta urtarrilaren 28a bitartean DIDAC Fundazioan (Santiago de Compostela) eta 2018ko maiatzaren 16 eta ekainaren 16a bitartean Appleton Squaren (Porto) burutu zen.

 

Ispilu hitzak latinezko speculum hitza du jatorri, eta hitz hori, era berean, specioaditzetik eratortzen da, zeinak begiratuesan nahi baitu. Etimologiari dagokionez, ikusmenarekin dago lotuta eta, horrenbestez, so egiteko edo behatzeko ekintzarekin. Gizakiak ulertu zuenetik fikziozko irudia zela ur garden baretan islatzen zen ikuspegia, bere buruarena eta inguratzen zuen guztiarena, gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen joan da ispilua gizartean. Gaur egun, neurrigabeki ustiatzen da norberaren irudia eta, azkenerako, Mendebaldeko kulturaren ia alderdi guztietan presente dagoen tresna adierazle gisa finkatzera iritsi da ispilua. Nork bere burua beste ikuspuntu batzuetatik ikuskatzea edo arakatzea, espontaneoa ez ezik, behin eta berriz egiten den ekintza bat ere bada. Hala literaturan nola arte bisualetan, behin eta berriz jorratzen da gai hori, zabaltasun handiz. Artearen historian, etengabe landu den motiboa izan da irudiaren barneko irudia nahiz irudi errepikatua, bitan banatua edo islatua. Horrez gain, tresna piktoriko gisa baliatu izan da maiz ispilua pinturan; zenbaitetan, gainera, ordura arte ekintza bat deskribatzeko erreserbatuta zeuden espazioetan bestelako eszena edo narrazioak planteatzeko ere erabili izan da. Konposizio simetrikoak egiterakoan, ispilu bat eskura edukitzea aholkatzen zien Leonardok margolariei; izan ere, margolanaren islari behatzea aski zen, akatsik gabea zela eta modelo naturalaren forma eta izaerarekin guztiz bat zetorrela egiaztatzeko. Islatutako irudiaren eta egiazko irudiaren artean diskordantzia bakar bat ere topatuko ez bagenu, irudikapen piktoriko perfektu baten aurrean geundeke. Margolariaren arabera, irudia eta bere isla gauza bat bera baldin badira, hala izan beharko lukete margolanak eta bere jatorrizko modeloak ere.

                                   

Bai ispilu-ikuspegia eta bai pintura ikusmenarekin lotutako fenomenoak dira. Gainerako zentzumenetako bakar batek ere ez du balio islatutako edo margotutako errealitate birtuala hautemateko. Besteak beste horregatik, espazio komun moduko bat partekatzen dute bi elementuek. Ispiluak hiru dimentsioko irudi bat islatzeko gaitasuna du eta, horrela, existentzia birtual hori ahalbidetzen duen fikziozko espazio bat sortzen da. Pinturak, ordea, gainazal plano eta bidimentsional batean irudikatu behar du gauzen tridimentsionaltasun ukigarri hori, eta irudi berriak eratortzen dira hortik; irudi horiek, baina, errealitatea erreferentzia gisa hartu arren, birformulatu egiten dute, ezinbestean.  Batzuetan, errealitate birtual islatuaren eta irudikatuaren arteko aldea murriztea lortzen du pinturak; nolanahi ere, ia ezinezkoa da lehena erdiestea. Hasiera batean planoak, leunak eta perfektuak liratekeen ispiluez eta kristalez gain, badira islak proiektatzeko gai diren beste gainazal islatzaile asko ere, nahiz eta, beren ezaugarri morfologikoak direla eta, aldarazi egiten dituzten objektuaren berezko forma eta proportzioak. Pinturaren bidez, bi dimentsiotan erreproduzi daitezke irudi baten islan gainazal kurboek sortzen dituzten aldaketa guztiak, eta haiek gainazal plano baten gainean modu artifizialean ere eraiki daitezke, hiru dimentsioko gainazal esferiko batean ikusiko litzatekeen gisara.

 

 

Pinturarentzat, erronka handia izan da beti mihise batean irudikatutako errealitatearen ikuspegia eta ispilu batek eskaintzen duen akatsik gabeko errealitate birtuala berdintzea. Irudi errealaren eta irudi erreproduzituaren arteko gatazka da mimesiapinturan, eta gatazka hori areagotu egiten da objektua edo modeloa ispilu baten aurrean jartzen denean. Izan ere, erreprodukzio piktorikoan ikus daitekeen eta oro har islatzailea ez den gainazal bat behar da margotzeko –hala nola mihise bat–, baina ispilu batean elementu bat islatzeko, gainazal ikusezin bat besterik ez da behar. Eta ispiluaren gainazala hor dagoen arren, ez da kontuan hartzen jatorrizko irudiaren bikoizketa perfektuaren aurrean; hain zuzen ere, horregatik kontsideratzen da ispilua –ez pintura eta ez gainerako irudikapen-sistema tradizionalak– irudikapenaren epitome.

 

Hala ere, antzinatik daki gizakiak errealitatearen bikoizketa engainagarriak baino ez direla zenbait gainazal islatzailek proiektatzen dituzten irudiak. Honela zioen Kandinskik bere Espiritualtasuna Artean(1912) lanean: «Horrela doa mundua bere misterioa galtzen. Badakigu zuhaitzek itzala ematen dutela, zaldi eta autoek lasterka egiten dutela, txakurrek hozka egiten dutela, ilargia oso urrun dagoela, eta ispiluko irudia ez dela erreala». Ispilu baten gainazalak, perfektua denean, gure begientzat ia ikusezina izateraino, utzi egiten dio gainazal autonomoa izateari, eta aurrean duenaren bikoizketa bihurtzen da; baina, hala eta guztiz ere, ondotxo dakigu hor dagoela. Behatzailea gai den bitartean ikusten ari dena beste zerbaiten proiekzioa dela konturatzeko, ikusgarri bilakatzen da gainazala, pinturan bezala. Isla orok ezinbestean adierazten du beste nonbait zerbait dagoela; batzuetan, ikuseremutik kanpo ere bai. Errealitatearen irudiaren eta bikoizketa artifizialaren kontzientzia izateak ahalbidetzen du isla gisa identifikatzea edozein isla, eta ez gauza autonomo gisa. Zerbait isla dela identifikatzeko, ez da beharrezkoa islatutakoaren presentzia ikusgarririk egotea; aitzitik, aldi berean bi leku desberdinetan izateko ezintasuna onartzea da gakoa. Kristalaren, ispiluaren eta gainerako gainazal islatzaileen fenomenoak erabat daude hautematearekin lotuta, eta ikusteko gaitasunaren mende daude. Espazioa den arren fenomenoak ahalbidetzen dituena, eta ez alderantziz, ispiluak proiektatzen duen irudia etengabe aldatzen den espazio irreal eta ezinezko batean dago. Errealitate birtual bat erakusten du, eta bere proiekzioak –istant batekoa eta iragankorra–, existitzeko, espazio ukigarrian kokatutako beste horiegotea eskatzen du. Ildo horretan, esan bezala, ispilua ez da irudi-ekoizle autonomo bat; aitzitik, denbora errealean islatutako objektuaren mende dago beti. Islan, iragankorra eta istant batekoa izaten da materialaren eta ukiezinaren arteko elkargunea; pinturak, haatik, betiereko bilaka dezake.

 

 

Norbanakoaren kontzientzia-hartzearen ondorioz, ispiluan islatutako irudia bikoizketa irreal gisa identifikatzen dugu, eta bikoizketa horrek ez balu gure begien aurrean guk espero bezala erantzungo, deserosotasun jasangaitza sorraraziko liguke. La Reproduction Interdite(1937) margolanean, Edward Jamesen erretratu famatuan alegia, Magrittek desafio egin zien optikaren legeei eta ezbaian jarri zuen ispiluaren aurreko norbanakoaren identifikazioa edo autokontzientzia. Onartezina iruditzen zaigu, eta ezinezkoa ere bai, jatorrizko irudia modu transmutatuan itzultzen duen isla bati behatzea. Magrittek irudikatutako gizonaren islak bere ikuspegia zalantzan jartzera eramaten du ikuslea, eta koadroaren barnean ispilurik badagoen edo ez dagoen planteatzera, baita margolanean ageri den pertsona bat ez dela, baizik eta bi direla baloratzera ere. Alabaina, tximinia-apalean dagoen liburuaren isla erabat ortodoxoa ikustean, ikusleak baztertu egiten du teoria hori. Bat-batean, zabaldu egiten dira ispiluak itzultzen dizkigun irudien aukerak eta, Derridaren esanetan (1987), izanez ez izateko aukera hartzen du: kontraesanak oinarri du islatutakoa ez dela islatzen dena, baizik eta bere buruaren eraldaketa, irudiaren kontraesanari berari esker.

 

Era berean –eta, beharbada, horregatik jo izan da ispilua mendez mende pinturaren metaforatzat–, ikuslearentzako autoerrebelaziorako tresna gisa ere funtzionatzen du artelanak; horrela, irudikapenaren inguruko pentsamendua agertzea estimulatzen da, ikusgai dagoena eta ezkutuan dagoena, erreprodukzioren eta egiaren arteko lotura, irudikapenaren baliozkotasuna espazio-denboran. Mimesia. Pinturan bezala, ispiluak atzematen duen hura egia bilatzen duen istant oso bat bezala uler daiteke, mugimenduari ihes egiten diona eta irudikapenetik aldentzen dena, islatutakoaren metafora bilakatzeko. 

 

Ispiluak beste errealitate bat –ere– eskaintzen digun ideiara garamatza horrek. Zenbat ikuspegi, hainbat errealitate; ispilura hurbiltzen den norbanako bakoitzeko errealitate bat dagoela esan genezake ia. Norbere irudia eta lehen begiratuan ikusten diren gauzak gainditu ostean, ispiluan barna begiratu daiteke, nolabait, ikusmenaren bidez behatu eta sentitzeko. Horrenbestez, objektu-ispilua irudikapenerako eta erreprodukziorako tresna gisa erabiltzetik eratorritako ekintza nabarmenenetako bat autohausnarketa da. Kale itsu batek bezala jarduten du ispiluak eta geure baitara itzularazten gaitu, ezinbestean. Ispiluaren aurrean, geure irudia ikusteko edo behatzeko aukera daukagu. Ikustera mugatzen garenean, gure begien aurrean istant bat baino iraungo ez duen irudi iragankor bilakatzen da isla; aitzitik, behatzen dugunean, mundu fisikoaz harago doan eta autokontzientziaren lurraldean barneratzen den plano batean murgiltzen gara. Ispiluan islatzen den irudia etengabeko aldaketen mende dago, eta hala gertatzen da bizitzarekin ere: etengabe interpretatzen den denbora-tarte gisa, aldatu egiten da esperientzia bakoitzarekin. Eta gauza berbera gertatzen da gauzei ematen diegun esanahiarekin. Prozesu erabat automatizatua bada ere geure burua ispiluan ikustea, begiratzea edo behatzea, ispiluak itzultzen digun irudia arretaz aztertzean, ondorio paradoxiko bat hautematen dugu, beste norbaiten ikuspuntutik ikusten baitugu geure burua.

 

 

Ovidioren mito klasikoan, aintzira batean itota hiltzen da Nartziso, ordu luzez bere buruaren islari so egon ondoren, begiratzeari ezin utzita, hain baitzen handia irudi horrek eragiten zion lilura. Antzinako greziar tradizioan, gizakien isla ez zen irudi soil bat, arimaren behaketa zuzena baizik; zenbait kasutan, gainera, irudia uretan edo beste edozein gainazal islatzailetan xehetasun osoz islatuta agertzea heriotzaren iragarle izaten zen. Gauza ukigarrien mundua eta ideien mundua bereizita dauden unibertso batean, bateraezina izan daiteke espazio-denbora berberean subjektua eta objektua erdibitzea eta elkarren artean konfrontatzea.

 

Birbikoizketa-fenomenoa irudikatzen duen adibide ezin hobea Caravaggioren Nartziso(1597-99) margolana genuke. Bertan, isla eta errealitatea simetrikoak dira lerro horizontalaren ardatzarekiko; erabateko sinbiosian daude subjektua eta bere bikia, elkarren mende. Egiazko pertsonaiaren eta islatuaren besoek irudi errektangular ia perfektua osatzen dute hondo neutroaren gainean, eta konposizio guztiari bikain eusten dion irudi bakarra sortzen dute. Margolana buruz behera jarrita ere, aldaketa handirik ez genuke sumatuko. Gai bakar bat du margolanak, hots, Nartzisoren eta haren irudiaren arteko interakzioa, ezabatu egin baitira ikuslea testuinguruan kokatzen duten eta mitoa ezagutarazten duten gainerako elementuak. Esanguratsua da hori; izan ere, inguruan dauzkagun elementu ukigarri guztiak bikoiztuta identifikatzen ditugunean ezagutu ohi dugu gure irudia ispiluan lehen begi-kolpetik islatuta. Pinturaren eta autokontenplazio-ideiaren inguruko gogoeta-ariketa ia perfektu bat da margolan hori. Cassinik nartzisismoaren mitoari eta interpretazio modernoari buruzko bere azterlanean adierazten duenez, margolariak dira –eta ez filosofoak– Nartzisoren figurak ispiluaren sinboloahezurmamitzen duela ulertzen dutenak. Mendebaldeko pinturan oso maiz irudikatu den fabula horretan, ispiluak, subjektua proiektatzeko ahalmena ez ezik, irudiak sortzeko eta formak asmatzeko ahalmena ere badu. Alde batetik, kanpoan dagoena erakusten du ispiluak (urmael baten gainazalak itzultzen dion irudiak liluratuta daukan gazte bat), baina ikusten ez dena ere bai, hau da, norbanakoaren barnean islatzen den hori. Eta modu bakarra dago isla horretara iristeko: espazio irreal eta ezinezko hori zeharkatzen duen eta geure baitara itzularazten gaituen begiradaren bidez, hain zuzen ere. Autoerrebelazio gisa funtzionatzen du ispiluak. Nartzisok imitazio ezin perfektuago gisa ulertu zuen bere irudia; imitazio horrek gainditu egiten zuen islaren espazio mugatu eta metaforikoa, eta aukera erreal bilakatzen zen. Huraxe izan zen gaztearen akatsa, eta itota amaitu zuen. Albertiren esanetan, Nartziso izan zen pinturaren egiazko aurkitzailea; ez bere irudiaren imitazio perfektua aurkitu zuelako, bere burua irudi gisa identifikatu zuelako baizik.

 

 

Alain Urrutiaren pinturara hurbiltzeko eta bertan barneratzeko, erabat berrikusi behar ditugu bai begiratzeko modua, bai irudiak jasotzeko modua, bai irudiei ematen dizkiegun esanahiak –edota inkontziente kolektibo moduko batek ematen dizkienak– interpretatzeko modua. Islatutako irudiak errealitate birtualtzat hartzen ditugun bezala, automatikoki onartzen dugu pintura figuratiboa errealitatearen mimesi edo imitazio hutsa dela. Nolanahi ere, Urrutiaren pinturan nolabaiteko oihartzun piktoriko-literarioa hauteman badaiteke ere, pintura horretan aurrez existitzen diren naturako irudiak edo beste margolan batzuetakoak identifikatzen saiatuz gero, zaildu egiten da prozesua. Hori gertatzen da irudi horiei arretaz behatzen diegunean zuzenean sartzen garelako ideien eta irudikapenaren lurraldean, hots, koadroaren birbikoizketa-fenomenoan, zeinak munduaren ispilu- edo leiho-funtzioa betetzen baitu eta han ikusten duguna islatzen baitu, bai eta begientzat ikusezina dena ere.

 

Egitura makrorreferentzialak sortzen ditu Urrutiak; errealak diren edo ez diren gauzekiko erreferenteak daude margolan bakoitzean. Behatzailea zerbaiten zuzeneko islaren edo ezerezetik sortutako irudi baten aurrean dagoen ebaztea ikusleari dagokio soil-soilik. Zeinu eta sistema gisa funtzionatzen du irudiak, eta kontzeptuen transferentzia gauzatzen du; hori dela eta, arretaz behatzen ari zaionak zalantzan jarriko du naturari, arteari eta pinturari berari buruzko ikuspegia, baina bere buruari buruzkoa ere bai. Beste behin ere, kontzientzia-hartzeko edo autokontzientziako prozesu bat da. Autointerpretazioko ekintza batean gure islari ispiluaren bidez behatzen diogunean bezala, Urrutiaren pinturak erraztu egiten du begirada introspektibo hori, zeina irudikatutako irudiaz harago baitoa eta barnerantz itzultzen baita erantzunak aurkitzeko.

 

Berriz ere ispiluaren aurrean jartzea bezala da Urrutiaren obraren aurrean jartzea; oraingoan, pintura da bidea ixten duena: geure baitara itzularazten gaitu eta autohausnarketa-prozesuaren abiapuntu bilakatzen da.